- Aretxabaletako Kurtzebarri institutuak hainbat ikuspegitatik 25 urteetan egindako ibilbidea. Horixe da hilaren 14ra arte Arkupen ikusgai egongo den erakusketaren proposamena. "Herritarrak izateko hezten ditugu gure ikasleak, eta herritarrei zor diegu garena. Horregatik, bueltan ematea nahi izan dugu jasotakoaren zati txiki bat bada ere. Ekimen honen helburua Kurtzebarri BHI osatu dugun guztiei eskerrak ematea da", adierazi zuen aurkezpenean Juan Carlos Pascual, Pascu, zuzendariak.

Irakasleak, langileak, gurasoak eta, batez ere, mende laurden honetan institututik igaro diren 1.454 ikasleak dira erakusketa osatzen duten argazkien protagonistak. 115 irudi inguruk, 1996koa zaharrena eta gaur egun arte, osatzen dute kultur etxean guztion gozamenerako jarri den erakusketa. Beste 800 argazki, gainera, telebista bidez ikus daitezke. Bost irakasle erretiratu arduratu dira azken hilabeteetan horiek aukeratzeaz: Resu Abasolo, Iñaki Urreta, Carlos Uranga, Kontxi Ruiz de Zarate eta Pili Beitia. Urrian argazkiak eskatzen, hauta-tzen eta sailkatzen hasi ziren.

"Eskolak artxibo ona du. Aretxabaletarrak, gatzagarrak eta eskoriatzarrak batu ditu institutuak, eta lan honetan azaltzen dugu hori", aipatu zuen Abasolok. Hasierako "altxorrak" topatzea kostatu zaiela ere aitortu zuen.

Herriko plazako eraikina eraberritu ondoren, 2003an joan ziren institutuko ikasleak bertara; 1996tik ordura arte Lehen Hezkuntzakoekin partekatzen zituzten espazioak. Argazki horiek ere jaso dituzte erakusketan.

1996-1997. ikasturtean hezkuntza sistema berregituratu zuten, Derrigorrezko Hezkuntza 16 urtera arte luzatuz. Hori dela eta, eskola mapa berria eratu zen, eta egoera horretan, Leintz Gatzaga, Eskoriatza eta Aretxabaletako 12-16 urte bitarteko ikasleei erantzuteko Kurtzebarri BHI sortu zen, "hezkuntza publikoa bermatuz ikasle ororentzat", gogoratu zuten institututik. Ikasturte honetan 25. urteurrenean murgilduta daude, eta ibilbide oparo hau ospatzeko hainbat ekintza antolatzen ari dira.

Irakasleak, gurasoak eta, bereziki, ikasleak dira hilaren 14ra arte Arkupe kultur etxean ikusgai dagoen erakusketaren protagonistak