- CO2 neurgailuak Udalaren eraikinetan jartzeko eskatu dio Aretxabaletako EH Bilduk Udal Gobernuari. Koronabirusarekin kutsatzeko arriskutsuak diren guneak identifikatu nahi izan ditu koalizio abertzaleak. Halako lekuetan maskara erabiltzea oso garrantzitsua dela gogoratu du eta, aldi berean, airezta-tzea egokia dela ziurtatzeko aipatutako gailuek asko laguntzen dutela azpimarratu du.

EH Bilduk emandako datuen arabera, hamabi urtetik gorakoen artean %90 txertatua dago, eta sei eta hamabi urte bitartekoen artean kutsatze-tasa 700etik gorakoa da. Testuinguru honetan, "prebentzio neurriak izan behar dira uneoro guztion lehentasuna", defendatu dute EH Bilduko zinegotziek.

Era honetan, erabilera publikoko leku itxietan jarri du fokua koalizio abertzaleak. "Udalaren eraikinetan neurgailuak lehenbailehen jartzea eskatu dugu, umeek erabiltzen dituzten lokalei lehentasuna emanez: liburutegia, ludoteka, kiroldegiko hainbat leku...", azaldu dute EH Bildukoek.

Ikastetxeekin harremanetan jartzea ere beharrezkotzat jotzen dute, "udal baliabideekin lehentasunez jarri behar diren CO2 neurgailuak izan ditzaten". Eta gauza bera egitea ekimen honengatik interesa duten dendari eta ostalariekin. Kasu honetan, dirulaguntzen bitartez bideratzea proposatu dute.

Ekimen hau aurrera eramateko, aurrekontuetan behar diren baliabideak "aktibatzea" eskatu diote Udal Gobernuari.