80ko hamarkada Arrasaten

24.10.2021 | 01:27
'Ez Donk Amaitu' ekimeneko kideak, Biona taberna zenean aste honetan egindako aurkezpenean.

Arrasateko Ez Donk Amaituk 1980 hamarkadara bidaia egingo du eta horixe da ekimen horren eskutik datorren proposamena. Hilaren 28tik azaroaren 30era ekitaldi ugari egingo dira duela 40 urte herrian izan zen mugimendua bistaratzeko eta, bide batez, "nondik gatozen" jakinarazteko. Ibilbide honen bizkarrezurra punk-a izan arren, beste ertz batzuk ere izango ditu. Erakusketa batek, mahai-inguruek, kontzertuek eta zine zikloak jantziko dute hilabeteko iraupena izango duen programa.

"Bi urtetik behin RIPeko taldekide izandako eta garaian galdutako beste lagunen omenez kontzertuak antolatu izan ditugu luzaroan. Pandemia aurretik lagunak ohartu nituen RIP sortu zela 40 urte betetzear zirela eta proposatu nien taldeari buruz baino, 1980ko hamarkadaren gaineko zerbait borobila egitea. Ez da nostalgia ariketa soil bat; hori baino gehiago da. Aurrera egin behar da beti, baina noizbehinka garrantzitsua da nondik gatozen jakitea", adierazi zuen Txerra Bolinagak ekimenaren nondik norakoak azaltzeko egin zuten ekitaldian. Horretarako, 14 urte itxita zeraman Biona taberna mitikoa zabaldu zuten egitasmoa aurkezteko, garai hartako lehen lerroko lekuko izan zelako. Beraz, azaroaren 12, 13 eta 14ko arratsaldeetan, ordu erdiko txandatan, Biona bisitatu ahal izango da.

egitaraua Egitarauaren plater nagusia urriaren 28tik azaroaren 27ra arte Kulturaten ikusgai egongo den 80ko urtiek Mondraguen erakusketa izango da. "Arrasate hamarkada horretan nolakoa zen erakusten saiatu gara; punk-a ez zen Euskal Herrian eta hemen, Mondrauen, kasualidadez agertu; testuinguru berezi bat zegoen jende gazteak ezagutu ez duena eta hori batzen ahalegindu gara", aipatu zuen Ez Donk Amaitu lantaldeko kide den Edurne Landaluzek.

Gainera, Amaia antzokian azaroaren 9, 16, 23 eta 30ean, eta 7an gaztetxean, punkarekin lotutako dokumentalak emango dituzte, bertsio originalean azpititulatuta. "Batzuek buruan duten punk klitxetik harago joango gara: gay eta lesbiana mugimendua, arrazismoaren kontrako borroka, punken amei omenalditxoa eta beste landuko ditugu", aurreratu zuen Iker Barandiaranek.

Hiru mahai-inguru idazle, kazetari eta musikariekin (Kulturaten, azaroaren 10, 17 eta 24an), eta Perlata eta Zero taldeen kontzertuak (azaroaren 5ean gaztetxean) ere antolatu dituzte.

noticias de noticiasdegipuzkoa