- Bergarako Aranzadi ikastola "osasuntsu" iritsi da bere mende erdiko ibilbidera. Zero eta 18 urte bitarteko 736 ikaslek, 437 familiak eta 70 langile inguruk osatzen dute hezkuntza komunitate hau. Datorren ekainaren 19an ikastolak 50 urte beteko ditu guraso talde batek abian jarri zuenetik. Pandemia garai hauetan, 2019an lantzen hasi ziren urteurrena birplanteatu behar izan dute. "Irailetik aurrera ospatuko dugu hainbat ekitaldirekin, guztiak osasun baldintzetara egokituta. Unean uneko egoerak zehaztuko du ekintza xumeagoak edo handiagoak egingo diren", aurreratu zuen Aranzadiko zuzendari orokorrak, Agurtzane Loidik.

Urteurrenaren atarian, ikastolako komunitateko belaunaldi ezberdinetako kideak bildu ziren asteartean Munibe plazan. Hasiera gogorrak, oroitzapenak, irakaskuntzaren bilakaera, egindako lorpenak eta egungo egoera azaleratu ziren Lupe Olabarria, Elena Laka eta Maite Aranzabalen ahotan. Hasieratik Aranzadik ikasle dexente izan dituen arren, bidea erraza ez dela izan gogoratu zuen Olabarriak, sorreran parte hartu zuen irakasle ohiak. "Lehen urteetan lan mordoa egin genuen; Seminarioko gelak oso txikiak ziren eta haur asko genituen. Dena den, beti egon gara gustura, euskaraz abestuz eta irakatsiz", azpimarratu zuen.

"Komunitateak sortutako ikastetxea da hau; denen partaidetzarekin eraiki den eskola eta hezkuntza-sistema", gaineratu zuen Elena Lakak, Aranzadiko lehen emakume lehendakari izandakoak. Guztiontzat "pozgarria" da horrelako proiektu batek "etorkizuna" duela ikustea.

Aranzadi ikastolak lehen pausoak eman baino lehen, Bergarak bazuen aitzindari bat: Ariznoako Euzko-Ikastola. Hasiera haietan, beste mugarri batzuen artean, euskal kulturaren eta euskararen alde egiteko elkarte bat ere sortu zen, eta giro horretan kokatu behar da ikastolaren sorrera ere.

Aranzadi ikastola martxan ipini aurretik, frankismoaren urte beltzenetan, euskarazko klaseak eskaintzen zituzten bi akademia zeuden herrian: Koldo Eleizalde (Komenio kalean) eta San Martin de Agirre (Bidekurutzetan). "Esan daiteke bi horiek izan zirela Aranzadiren aitzindariak, hain zuzen ere, Mizpildin zegoen Santa Infancia ikastetxe elebidunarekin bat egitean sortu baitzen ikastola 1971ko ekainean. Ikasleen guraso talde batek indarrak batzeko beharra ikusi zuen, eta bategiterako lehen pausoak ematen hasi ziren Ikastolen Federazioaren aholkuei jarraituz", kontatu dute ikastolatik.

1975eko uztailaren 10era arte ez zuen behin betiko legalizazioa lortu eta ordutik, ikastolak Telesforo Aranzadi antropologo bergararraren izena darama ofizialki. Seminarioko eraikinean kokatuta, "hasiera hartan Haurreskola eta OHOko lehendabiziko sei kurtsoak jarri genituen martxan, orotara, 24 gela eta 328 ikaslerekin", azaldu dute.

1981eko maiatzean, aldiz, bozketa bidez erabaki zen figura juridiko egokiena kooperatiba zela, eta egitura horrekin jarraitzen du gaur egun arte. 1993an sare publikoan integratzearen edo itundutako ikastetxe gisa jarrai-tzearen artean erabaki behar izan zuten. Guraso gehiengo nabarmenak azken aukera horren alde egin zuen.

Orduz geroztik Aranzadi haziz joan da. Bere proiektuei aurre egiteko eta instalazioen egoki-tzapena finantzatzeko Kilometroak jaiaren hiru edizio hartu ditu ikastolak. Beraz, bost hamarkadako ibilbidearen ondoren, etorkizunari "ilusio handiz" begiratzen diote.

Pandemiaren ondorioz, ospakizunei "beste buelta bat" eman diete. Besteak beste, online denda baten bidez, material didaktikoa eta soinean eramateko hainbat osagarri salgai ipini dituzte (https://serigrafia.eus/shop/Aranzadi50/eu/). "Maia-tzaren 30era arte egongo da zabalik, eta asmoa bailarari eta herriari 50 urte bete ditugula adieraztea da", nabarmendu zuen Loidik.