- Oñatiko Turismo eta Garapen Agentziak eta Debagoieneko Mankomunitateak geologiari lotutako hainbat ekintza prestatu dituzte elkarlanean eta hasteko, datorren larunbatean Arrikrutzeko kobetan (10:00etan) Martin Arriolabengoa geologoak Arrikrutz tantaz tanta, lurpeko geologia argitara izenburu duen hitzaldia emango du.

Egun berean, baina Turismo bulegotik hasita, Oñati geologikoa ginkana egingo dute (12:00etan). Igandean espeleoabenturaren txanda izango da, kasu honetan helduei zuzenduta eta Arrikrutzen (9:30ean elkartuko dira). Maitzaren 29 eta 30erako, aldiz, Bizi pottoka Geoazkorrin hitzaldia eta bisita izango dira Jon Elorzarekin. Pottokalekuk hartuko ditu bi hitzordu hauek, 11:00etatik aurrera.

Debagoieneko beste herri batzuetan ere izango da zer gozatua datorren asteburuan. Larunbatean eta igandean, Harri jasangarriaren paisaia kulturala ekintza antolatuko da Leintz Gatzagan (11:00), eta Bergaran geologia eta ondarea ezagutzeko aukera egongo da familia giroan (hilaren 22an, 17:00etan). Eskoriatzan eta Aretxabaletan, berriz, Degurixa karst-aren bailara (9:00etan) eta Uretsen ibilbidea (9:30) irteerak egingo dituzte igandean, hurrenez hurren.

Bestalde, Arrasaten hilaren 23an Udalatxeko karst-a eta Gongetako meatzeak bisitatzeaz gain (9:00), Galarragako kobara sartuko dira (16:00 eta 18:00). Ekintza guztiak talde txikietan egingo dira, beraz, erreserbak ezinbestekoak dira (943 796 463).