- Aroztegi aretoan hilaren 21era arte ikusgai dagoen erakusketaren 23 artistak emakumeak eta bergararrak dira. Edertasuna emakumearen bi ikuspuntuetatik du izenburu bere bosgarren edizioan martxoaren 8aren inguruan antolatutako ekimenak. “Edertasuna, askotan gure erabakia da eta beste askotan inposatu egiten zaigu. Aroztegi bi zatitan banatu dugu: batetik, kolore zuriz, guretzat ederra dena, eta bestetik, arrosa, mundu zapaltzaileak inposatutako emakumearen edertasunaren adierazle”, azaldu dute antolatzaileek.

Askotariko diziplinez gozatzeko aukera dago: margolanak, eskultura, argazkiak, zeramika, testuak… Egileak, gainera, belaunaldi ezberdinetako emakumeak dira. Eta horixe da, hain zuzen ere, erakusketa bereizten duen ezaugarrietako bat.

Bestalde, pentsiodunen elkarretaratzean (12:00) emakume guztiak omenduko dituzte gaur, bereziki Pilar Kamiruaga eta Kontxi Tena bergararrak, hiru urtetan zehar erakutsitako “elkartasunagatik eta fideltasunagatik”. 18:30erako, ordea, Martxanterak taldeak manifestazioa deitu du (Herriko plazatik irtengo da).