- Mairuaren alardea da herriko jaietako ikur nagusietakoa, eta larunbatean keinu egingo zaio Antzuolako historian eta nortasunaren ezaugarrietan oinarrituta dagoen autoafirmazio errito honi. Beraz, 10.00etan eta 19.00etan alardean erabili ohi diren kanoiak sutuko dituzte Herriko plazan.

"Goizeko kanoiarekin herritarrei alardea egun horretan ospatu beharko litzatekeela gogoratuko zaie. Horretarako, txistulariekin eta hainbat dantzarirekin batera, buruzagia eta mairu erregea irudikatzen dituzten bi buruhandi egongo dira plazan. Arratsaldekoa alardeak irten beharko lukeen orduan izango da", azaldu dute antolakuntzatik. 140 urtean hirugarrenez ez da alardea egingo: Gerra Zibilaren garaian bertan behera geratu zen, hau da 1937an eta 1938an, eta aurten koronabirusak eragin duen egoerak ez du ekitaldia egiteko aukerarik eman.

Jaietako beste klasikoetako bat Bergarako musika bandaren emanaldia da. Larunbatean kontzertua eskaini beharrean kalejirarekin gozatzeko parada egongo da, 11.00etan hasita. Egun horretan, Liv Wallace bakarlari antzuolarrak punk-rock bertsioez osatutako kontzertua emango du eskolako patioan, 19.00etatik aurrera. Eszenatoki berean, baina 20.00etan, Ruper Ordorika arituko da. Sarrerak 10 euroren truke eskura daitezke; 5 euro ikasle eta langabetuentzat.

Igandean, aldiz, erretiratuen txanda iritsiko da goizean. 12.15ean Landatxope elkarteak salda eta pintxoak banatuko ditu eskolako patioan, eta amaitzean, Virginia Imazek Pronoia clown ikuskizuna aurkeztuko du. Leku berean, haurrei eta familiei zuzendutako Gabe izenburuko mimo lana ere estreinatuko du Oihulari Clownek, 17.30ean.

Ikuskizunetarako aforoa murriztua izango da, segurtasun eta higiene neurriak betez (maskara derrigorrezkoa izango da). Sarrerak lor-tzeko 673 905 328 telefonora edo liburutegira jo (9.00etatik 13.00etara) beharko da. Labur.eus/sarrerakantzuola webgunean ere eskuragai daude.

Udalak eta Jai batzordeak antolatutako udako Kulturaldiak beste hitzordu batzuk eskainiko ditu datozen asteetan. Horrela, hilaren 25ean Lau eme dantza emanaldia ikusteko aukera egongo da, eta abuztuko ostiral gauetan zine emanaldiak izango dira.

Udalak eta Jai batzordeak udako Kulturaldiaren baitan antolatu dituzten ikuskizunetarako sarrerak aurrez eskuratu beharko dira