- Bere gitarraz lagunduta, Leire Etxezarreta arrasatearra Udazabal egitarauaren protagonistetako bat izango da datorren asteazkenean. Aldai parkeak hartuko du kontzertua, 19.30etik aurrera, eta bertan Keu Agirretxea musikari eta bakarlari ondarrutarrak Ura eta bakea bere azken lana ere aurkeztuko du. Pablo Novoa (Golpes Bajos), Haimar Arejita (Gatibu) eta Mikel Arakistain (Fjord) izango ditu lagun taula gainean.

Etxezarretak, bere aldetik, Kepa Junkera eta Sorginak proiektuan parte hartu zuen 2015ean hasita 2019ra arte. Duela urte batzuk gitarra jotzen hasi zen eta poliki-poliki bere kantuak sortzen joan da. Etzi bere jaioterrian arituko da.

Edukiera mugatua denez, sarrera (doan) Amaia antzokiko leihatilan jaso beharko da, 18.00etatik 20.00etara. Publikoa eserita egongo da segurtasun neurriak eta distantzia zainduta.