- Sei eta hamabi urte bitarteko haurrei zuzendutako Loratu udako programa jarriko dute martxan Aretxabaletan, udalekuak bertan behera geratu ostean. Zerbitzua, segurtasun neurrietara egokituta, uztailaren 6tik 24ra arte izango da, astelehenetik ostiralera 9.00etatik 13.00etara.

Loramendi Euskara Elkarteak udako ekimen hau aurrera eramatea proposatu dio Udalari eta bi aldeen artean borobildu dute egitaraua. Guztira 170 plaza eskainiko dira, eta betetzen badira zenbait taldek lehentasuna izango dute: guraso bakarrak edo bananduak, euskaraz hitz egiteko eta sozializatzeko premiak, edo behar bereziak dituzten haurrak, eta bi gurasoak lanean dituztenak. Hurrenkera horren arabera kanpo geratzen diren plazak zozketa bidez izendatuko dira.

Segurtasun eta higiene neurri guztiak betetzea da helburua, beraz, ez da jarraituko urteroko plazan batzeko metodoa. Talde bakoitzak bere erreferentzia gunea izango du, eguneroko ekintzak hasiera eta amaiera emateko balio izango duena. Funtziona-tzeko modu horrek hiru gunetan banatuko du herria, begirale batek zuzendutako zazpi kidez (aldaketak egon daitezke) osatutako taldeen arteko kontaktua saihesteko.

Izena emateko epea bihar arte dago zabalik (esteka, www.aretxabaleta.eus webgunean dago). Matrikulagatik 85 euro ordaindu beharko dira.