- Aretxabaletako EH Bilduk uste du "une delikatu honetan, jendea babestea eta enplegu duina sortzea" izan behar direla "lehentasunak". Udala aurtengo aurrekontua egokitzera behartuta dago, eta EH Bilduk eginkizun hau aurrera eramateko dituen "printzipioak" zehaztu ditu prentsa ohar baten bidez.

"Alde batetik, aurrekontuari eutsi behar diogu eta, horretarako, Udalak aurreratuta duen dirua sarreren galerak konpentsatzeko erabiltzea proposatzen dugu. Gure gastuei aurre egiteko baldintzetan gaudelakoan gaude, enpleguari eutsi eta beharrezko ez diren gastuetan zorrotz jokatuz", defendatu du EH Bilduk.

Bestalde, estrategikoak diren inbertsioei eustea eskatzen dute. "Ezinbestean mantendu beharrezkoak aldaketa klimatikoari aurre egiteko direnak eta zaintzarekin zerikusia dutenak" direla adierazi dute. Gainera, "funts bat" bideratu nahi dute baliabide gehiago izateko gizarte zerbitzuetarako eta enplegurako. Inbertsio batzuk atzeratzea ere proposatu dute.