- Herritarrak gero eta gehiago ari dira elkar laguntzeko ahaleginean COVID-19aren izurriteari aurre egiteko. Osasungintza eta zain-tza lanetan ari direnen beharrak ikusita, hainbat dira etxean babeserako materiala egitera animatu direnak, maker komunitateak martxan jarritako ekimenarekin bat eginez. Lanbide Heziketako zentro desberdinetan ere norbere babeserako biserak egiten aritu dira azken asteetan, horien artean, Bergarako Miguel Altuna institutua.

"Lanbide Heziketako zentro gehienak 3D formatuan inprimatzeko makinak ditugu eta gu ere ekimen honetara gehitu ginen. Tknikak koordinazio ardura hartu zuen eta biseren bertsio berriak sortzen joan ginen produktua homologazio arauen barruan hobetuz. Horrela, 05 bertsioa ekoizten hasi gara", azaldu du Miguel Altunako irakasle den Joxu Aranak.

Martxoaren 23tik hona, Arana eta beste irakasle bat aritu dira erreleboka maskara moduko biserak egiten. "Etxetik partikularki Lander eta Aitzol Mujikak lagundu digute, eta enpresen artean, MZ3D eta Ulma Packagingek ere gurekin batera kolaboratu dute", adierazi du Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroko irakasleak.

Denbora honetan 200 bat bisera egin dituzte eta laguntzaileak emandakoak gehituz, 250 inguru helarazi dizkiete osasun arloko langileei. Hasiera batean, Tknika bidez Osakidetzara bideratu zuten materiala, eta ondoren, Bergarako anbulategian, Mizpirualde egoitzan eta herritik kanpoko zerbitzu publikoetan entregatu dituzte. Martxoaren 31tik aurrera, Aranak zehaztu duen bezala, Udaltzaingora eramaten dute materiala "eurak banaketaz ardura-tzeko". Plastikoa injektatzen duen Maier enpresan joan zen astelehenean hasi ziren bisera hauek ekoizten, 4.500 pieza egunero.