bergara - Bergarako San Juan auzoko ermitak Axkaiter Pelox taldearen kontzertua jasoko du gaur. Unai Azkaratek, Aitor Aranburuk, John Prietok, Aitzol Mujikak eta Bittor Giralek osatzen dute tadea. Haiekin batera, Shane Curley egongo da taula gainean bere ahots eta gitarra akustikoarekin. Emanaldiari 19.00etan emango diote hasiera.

Gaurko kontzertuarekin Axkaiter Peloxek Irish Gigs 2020 bira hasiko du, martxoaren 17an ospatzen den St.Patrick eguna aitzaki hartuta. Irlandar doinuak izango dira protagonista. Hala, biolarekin eta biolinarekin John Prieto arituko da, perkusioan Aitor Aranburu, baxuan Aitzol Mujika eta saxofoian, berriz, Bittor Giral.

St. Patrick egunean, gainera, Bergarako Irish tabernan joko du Azkaiter Peloxek, herrikide duen Arragoa taldearekin batera.