oñati- Selma Huxley Barkham beka sortu zuen Udalak Oñatiko emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak plazaratzeko helburuarekin. Bigarren deialdiak dagoeneko irabazleak ditu, Jone Arrazola eta Miren Aranguren. Oñatiarra eta iruindarra 1950etik egun arteko etxekoandre, neskame eta etxeko langileen errealitateetara hurbilduko dira. “Oñatiko zaintza-kateen genealogian atzera begirada bat botako dugu, etorkizunean inor zapaldu gabe, zaintza ahalbidetzeko”, adierazi zuen Arrazolak lanaren aurkezpenean.

Guztira lau proposamen aurkeztu dira bekaren bigarren ediziora. “Denak kalitate handikoak. Ez da erraza izan lanen balorazioa egitea, eta aprobetxatu nahiko genuke berditasun batzordekideez gain, epaimahaian parte hartu duten kideei egindako lana eskertzeko: sare feministako Garbiñe Garai eta Mariasun Zelaia, eta Erika Borrajo, Deustuko unibertsitateko irakaslea”, azpimarratu zuen Izaro Elorza alkateak.

18.000 euro jasoko dituzte Arrazolak eta Arangurenek hemezortzi hilabeteko epean Bizitzak erdigunean. Oñatiko zaintzaileen genealogia feminista 1950-2020 izeneko proiektua gauzatzeko. Lehenengo urtean ikerlana egingo dute, eta azken seihilekoan, aldiz, herritarren artean zabalduko dituzte emaitzak.

Orain arteko gizarte eredu eta banaketak emakumeen esku utzi ditu nagusiki zaintza lanak, etxe barruko esparru pribatuan, eta horrek ikusiezin bihurtu ditu. Zaintzarekiko “zor historikoa dugula” uste dute Arrazola eta Aranguren ikerlariek, eta horixe kitatzeko asmoz proposatu zuten gai honen inguruko ikerketa lana egitea. “Gaur egungo zaintza lanak sinesmen patriarkaletan oinarrituta daude”, nabarmendu zuen Miren Aranguren soziologoak. Arrazoi horregatik, zaintza lanei, eta batez ere, urteetan horretan jardun duten emakumeei aitortza egin nahi diete egitasmo honen bitartez, “zaintza lanak gutxietsi egin direla” iritzita.

Zehazki hiru helburu jarri dituzte: zaintza lanek herriko ekonomian duten zentralitatea sozializatu eta zaintzaileak aitortzea; garaian garaiko lan horien berezitasunak eta an-tzekotasunak identifikatzea, eta azkenik, zaintzaileen jabekuntza eta erresistentzia estrategiak ezagutzea eta etorkizuneko perspektiban jartzea.

Hasteko, dokumentazio lana egingo dute eta honi jarraituz, testigan-tzak biltzeko 30 urtetik 80 urte arteko bederatzi etxekoandre, neskame ohi, etxeko langile eta zaintzaile migranteak elkarrizketatuko dituzte. Honekin batera, jendarteak zaintza lanean antolamendu sozialaren gainean duen iritzia eta bizipenaren berri izateko, talde eztabaidak ere antolatuko dituzte zaintzaile profesional eta onuradunekin. Batutako informazioarekin analisia egingo dute eta ondoren, testigantzekin, eta ahal den neurrian argazkiekin ere, liburua argitaratuko dute.

aldaketarako herri konpromisoa Jone Arrazola antropologoak azaldu zuenez, gaur egun zaintzeko dugun modua beste batzuen “eskubideen urraketan” oinarritzen da, eta horretaz hausnartzera bultzatu nahi dute herritar oro.

Era honetan, jardunaldien bitartez ikerketaren aurkezpenak eta gogoeta egiteko saioak izango dira sektore ezberdinei zuzenduta. Datorren urteko ekainean amaiera emango diote prozesuari herri konpromisoa hartuz. “Lan prozesu honen azken urratsa izanagatik, ez du honek ezeren bukaera izan nahi, hasiera bat baizik. Herrigintzatik zein udalgin-tzatik, zaintzaileen bizitzak duintzeko zein zaintza eredu demokratiko baterantz urratsak ematen hasteko momentua da, alegia”, esan zuten Arrazolak eta Arangurenek.