bergara - Euskal Herriko historia eta nortasuna izenburupean, Bergarako Udalak eta Nabarralde Fundazioak hainbat ekintza antolatu dituzte otsaila eta martxorako . Jardunaldi hauen helburua "bere iragana ahaztu duen euskal lurraldearen eta historiaren kontaketa berreskuratzea" izango da.

"Luzaroan gure historia beste ba-tzuek kontatu dute, eta garrantzi-tsua da guk geuk kontatzea", adierazi zuen atzo Kultura zinegotzi den Kristina Markinak.

Erakusketa bat, hiru hitzaldi eta ikastaro bat biltzen dituen egitaraua Olaso Dorrea Fundazioaren lagun-tzarekin prestatu dute. Markinak herritar guztiei luzatu zien parte har-tzeko gonbidapena, baina bereziki gazteei "gure historia ezagutu dezaten". Kultura zinegotziak hiru erakunderen arteko elkarlana ere nabarmendu zuen: "Zabaldu eta indartu dira elkarlanerako asmo eta aukera berriak, segida izango dutenak".

"Nazioak desagerrarazteko egiten den lehenengo gauza haien memoria ezabatzea dela esaten zuen Milan Kunderak. Horretarako, nazio horren kultura eta historia suntsitu eta beste kultura eta historia bat inposatzen dira. Historia berridazten da, jatorrizko nazioa zer eta nor den ahaztu arte", azaldu zuen Nabarraldeko zuzendari den Angel Rekaldek. Euskal Herrian "hurbilekoa dugun errealitate" bat dela azpimarratu zuen, baita "barneratu ditugun berridatzitzako gertakariak ugariak" direla ere.

Olaso Dorrea Fundazioko zuzendari Urko Aiartzak, bere aldetik, Telesforo Monzonen "ildo nagusienetako bat gure historia berreskuratzea eta honen erdigunean Nafarroa" jartzea zela gogoratu zuen. "Horregatik bat dator Olaso Dorrean jardunaldi hauek gauza-tzea", gaineratu zuen Aiartzak.

Otsailean eta martxoan Era honetan, otsailaren 2tik 16ra bitartean, Nafarroa, Euskal Estatua delako erakusketa izango da ikusgai udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Hitzaldi sorta ere antolatu dute, eta lehenengo hi-tzorduan, datorren asteartean, Iñigo Larramendik erakusketaren xehetasunak emango ditu (19.00etan). Otsailaren 11an, aldiz, Arantzazu, harriz herri dokumentalaren aurkezpena egingo dute Angel Rekalderen eskutik, eta 18an, Euskararen historia izeneko hitzaldia eskainiko du Juan Martin Elexpuru idazle bergararrak. Azken bi ekitaldi hauek Olaso dorretxeak jasoko ditu (19.00).

Ikastaroari dagokionez, "Euskal Herriko historia markatu zuten mugarri nagusiak berreskuratzea eta ezartzea da" helburua. Beñi Agirre historialariak gidatuko ditu martxoaren 3, 10, 17 eta 24an izango diren saioak. Otsailaren 28ra arte egongo da zabalik izena emateko epea, nabarralde.eus webgunean edo udal kultura zerbitzuetan (20 euro).