oñati - Urtarrila eta martxoa bitartean egingo dira solasaldiak, bost izango dira guztira eta bakoitzean gidari bat egongo da. Gutaz. Izaera, gogoa, ekina lelopean, Euskal Herriko historia gogora ekartzea da helburua, eta ekitaldi guztiak kultur etxeko zine aretoan egingo dituzte, 19.00etatik aurrera.

Iñigo Larramendik emango dio hasiera hitzaldi sortari datorren asteartean. Gasteiz 1200: Martin Ttipia auzolantzerkia izango du hizpide. Hilaren 21ean, aldiz, Beñi Agirre historialariaren txanda izango da, eta Gipuzkoako historia nafarra liburuan oinarrituko du bere solasaldia.

Joseba Asironek otsailaren 4an hartuko du lekukoa. Kasu honetan, 1512 konkistari buruz hitz egingo du. Asisko Urmenetak ere parte hartuko du datorren astean abian jarriko den egitarauan. Urmenetak 1620 Nafarroa beheregaina komikian oinarritutako berbaldia eskainiko du otsailaren 11an.

‘erraiak’ dokumentala Azkenik, martxoaren 10ean Ekain Martinez de Lizarduyk Erraiak izenburuko dokumentala izango du mintzagai. “Kobazuloetatik datorkigun oihua. Entzun, sentitu eta kantatu egiten duguna. Hitzik gabeko hizkuntza. Erraietatik ateratzen zaiguna. Arbasoen oihartzuna. Baina noiztik dugu irrintzia gure artean? Bizirik jarraitzen al du XXI. mendean?” Hauek eta beste hainbat galderen erantzuna bilatzen duen ariketa da aipatutako dokumentala. - A.D.