Edonola ere, gaurko jardunaldia abiatzeko I Pala txapelketaren finalak jokatuko dira (10.00etan hasita) Astelena frontoian. Ordu berean, goizean zehar Toribio Etxebarria kalean egongo den artisau eta baserritarren azoka hasiko da. Bertan Eibar eta inguruko herrietako hainbat ekoizleren produktuak (ardi eta ahuntza gaztak, barazkiak, ogia...) eta 17 artisau ezberdinen lanak ikusi eta erosi ahalko dira.

Goiza borobiltzeko herri kirolen erakustaldia (Jose Mari Bustinza, Jokin Eizmendi, Garbiñe Lopez de Uralde, Ruth Linaza eta Jon Loiolaren partaidetzarekin); eta Eneko Beretxinaga eta Mikel Iturriotz bertsolarien saioa izango da eguerditik aurrera.

Arratsaldean Eibarko trikitilariekin trikipoteoa (19.30etik aurrera) eta Kittu musika taldearen kalejira (20.00etan hasita) izango dira; eta gauean kantu afaria (21.30ean Untzagako karpan) eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin erromeria.

Igandeko programa hasteko Euskal Jaiko kalejira izango da (11.45ean) Urkizutik Untzagaraino eta horren ondoren (12.30ean) Euskal Jaiko dantza jaialdia egongo da Untzagan, Eibarko Kezka eta Donibane Lohizuneko Begiraleak taldeen eskutik.

Hortik aurrera, herri bazkaria (14.30ean karpan), Patxi eta konpainia taldearekin erromeria (17.15ean), Larrain-dantza popularrak (19.15ean Untzaga plazan eta 20.00etan Klub Deportibo parean) izango dira. Herritar guztiak gonbidatuta daude Euskal Jaiko ekintzetan parte hartzera; “posible bada baserritar jantzita”.