- Jon Artano Izeta kazetari zestoarrak aurkeztutako Anderik Ande izeneko proiektuarentzat izan da Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten eta Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen dituen 2022ko Tene Mujika beka.

Udaletik jakinarazi dutenez, "aurtengo bekaren deialdira aurkeztutako proiektuen artean Artanorena eman du irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak". Hori dela eta, Tene Mujika bekaren onuradunak "urtebeteko epea izango du bere lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin".

Edonola ere, Anderik Ande proiektu irabazlearen bitartez, Jon Artano kazetariak Amerika eta euskaldunen arteko harremanak aztertuko ditu. Horretarako "Ameriketan ibilitako hainbat euskaldunen kontuak eta gure artean dabiltzan hainbat amerikarrenak jasoko ditu".

Proiektuaren ezaugarriei dagokionez, bekaren antolatzaileek jakinarazi dute bi parte ezberdin izango dituela: "lehena, Joandakoez izenekoa, Hego Amerikan gertatzen da, eta hara joandako hainbat euskal herritarren istorioak aletuko dizkigu: Argentina, Txile, Bolivia, Peru, Ekuador, Kolonbia eta Venezuelan kokatuak, besteak beste".

Bigarren partea, Etorritakoez izenekoa, "gaur egun Latinoameriketatik gurera migratu eta garbiketa eta zaintza lanetan aritzen diren emakume gazteez arituko da". Elkarrizketa, kronika eta bidaia-liburuen osagaiak izango ditu kontakizunak.