- Udalak 2022ko aurrekontuak hilabete honetako osoko bilkuran onartu nahi dituela eta, EAJko udal taldeak egin dituen proposamenak ezagutzera eman zituen atzo.

Jeltzaleek gogorarazi dutenez, "legealdi honetako lehen bi urtetan gobernuak oposizioko taldeei proposamenak aurkezteko aukerarik eman gabe onartu izan du aurrekontua bere gehiengoaz baliatuta. Horren aurrean gure desadostasuna agertu genien eta aurtengoan, kritikei amore emanez, aurrekontuak adosteko ohikoa izan ohi den prozesu bati ekitea erabaki dute eta azken hilabetean hiruzpalau bilera izan ditugu gaiaren inguruan".

Proposamenei dagokienez, EAJren lehentasuna "aurreko legealdian hiru taldeok adostuta utzi genituen eta gauzatu gabe dauden hiru proiektuak izaten jarraitzen dute".

Horiek "Jose Maria Alzibar eta Musika eskola lotzeko igogailua, Egaña frontoiaren estaldura eta San Agustin Kalea berriztatzea" dira.

Proiektu horiek jaso gabe daude jeltzaleek aurrekontuetarako aurkeztu duten proposamen zerrendan "Udalak konpromisoa hartu baitu 2022ko aurrekontuan jaso ez ezik, oraingoan gauzatzeko". EAJrentzat "estrategikoak" dira Mutrikurentzat eta horregatik "hurbiletik" jarraituko ditu "burutzeko agertutako borondatea hitz hutsetan gera ez dadin".

EAJren bestelako proposamenak ondorengoak dira: Arau subsidiarioen berrikusketa; haurtzaindegi berria; Jose Maria Alzibar eta Gaztañeta arteko bigarren igogailuaren proiektua idaztea; hondartzako behin betiko kantinaren proiektua idaztea; Atxitxin jaitsierako eskailerak berritzea; Sanmikollako haur parkea berritzea; Saturraranen memoria lekua prestatzea; Bakarrik bizi diren 80 urtetik gorakoen etxeetan ke detektagauiluak jartzea; etorkinak euskal kulturara eta euskarara gerturatzeko ikastaroak antolatzea eta auto elektrikoentzat karga puntuak jartzea.