- Debako bizilagunek eta herrira gerturatzen diren guztiek euskaraz ekoiztutako goi mailako bost kultur ikuskizunekin gozatzeko aukera izango dute uztaileko ostiraletan Zumardian jarritako karpan, Iturri ondoan egitasmoaren VIII. edizioari esker.

Udalak hainbat eragile eta herritarren partaidetzarekin uda honetarako prestatutako kultur egitaraua uztailaren 2an abiatuko da, euskal musika eta dantza uztartzen dituen Arineketan ikuskizunarekin.

Hurrengo ostiralean (uztailaren 9an) garai bateko eta gaurko bertso eta doinuez osatutako Errimak bi oinetan ikuskizun dibertigarriarekin disfrutatu ahalko da Deban; 16an arlo ezberdinetako herriko hainbat sortzaileren partaidetzarekin prestatutako Begiradak emanaldiaren txanda izango delarik.

Hiru ekitaldi horiek 22.00etan hasiko dira eta sarrera doanekoa izango da.

Uztailaren 23an, berriz, Tartean konpainiak Ez dok ero antzezlana taularatuko du Zumardiko karpan (19.00etan, Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktore ezagunekin) eta 30ean Willis Drummond taldearen kontzertua egongo da (22.00etan hasita).

Azken bi ekitaldi hauetarako sarreren prezioa 10 eurokoa da baina herritarrek bi emanaldiak ikusteko bonoa eros dezakete 15 eurotan.

Interesatuek dagoeneko eskura ditzakete uztaileko ikuskizunetarako sarrerak Turismo bulegoan.