- Udalak eta jatorri ezberdineko mutrikuarren arteko elkarbizitza sustatzeko helburuarekin herrian eratu den Kulturartekotasun eta Bizikidetza mahaiak Kultur Aniztasunaren aurreneko Astea antolatu dute elkarlanean. Hori dela eta, jatorri ezberdineko mutrikuarren ohiturak eta kultura ezagutzeko hainbat ekintza izango dira datozen egunotan herrian eta bertaratzeko interesa duten guztiek dagoeneko eskura ditzakete gonbidapenak mutriku.eus webgunean (agenda atalean).

Mutrikuko I Kultur Aniztasunaren Asteari hasiera emateko, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko eta Euskal Herriko Unibertsitateko kidea den Gorka Morenok eskainiko duen Immigrazioari buruzko estereotipo eta zurrumurruak. Egia Ote? hitzaldia egongo da bihar bertan (18.00etan) Zabiel Kultur Etxean.

Aurreneko hitzaldi horren ondoren, egitarauak ostiralean, Kultur Aniztasunaren Munduko Egunean, izango du jarraipena; jatorri ezberdinetako mutrikuarren bizipenak ezagutzeko Zabiel Plazan (19.00etatik aurrera) egingo den topaketa batekin, hain zuzen ere.

Larunbatean, berriz, Mutriku osa-tzen duten herritar ezberdinen kulturak erakusteko topaketa izango da (11.00etatik 13.00etara bitartean) Goiko Plazan. Bertan Txile, Senegal, Bulgaria, Paraguai edota Marokotik etorritako mutrikuarrek euren jatorriko kulturaren erakuslehio izango diren postuak ipiniko dituzte. Horretaz gain, mutrikuarren jatorri ezberdinak erakusten dituen mapa handi bat ere ikusgai egongo da Plazan.

Azkenik, Kultur Aniztasunaren Asteari amaiera emateko, Bartzelonan bizi den Silvia Albert Sopale euskal sortzaileak idatzi duen eta antzezten duen No es país para negras erderazko antzezlanarekin disfrutatzeko aukera izango da datorren igandean (19.00etan) Zabiel Kultur Etxean.