- Mutrikuko Udalak Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak herriko prekarietatearen egoera ezagutzeko egin dituen txostenak aurkeztuko ditu gaur (19.00etan), Zabielen. Udalak ekitaldira gerturatzeko dei berezia egin nahi dio "alor sozialean dabilen orori". Hala ere, interesa duten guztiek Udalaren Youtube kanalean jarraitu ahal izango dute txostenen koordinatzailea izan den Imanol Esnaolaren agerraldia.

Txostenetan jasotakoari eutsiz, "arrazoi desberdinak medio, Mutrikun prekaritatean bizi den hainbat herritar dago". Honen aurrean, Udalak hausnarketari ekin dio "aipatutako diagnostikoa konpartitu eta hartu beharreko bidea zehazteko". Edonola ere, gaurko saioan "Mutrikuko prekarietatearen indize nagusiak agertu eta Gipuzkoako lau herriren jokabidea eta konpromiso maila erakutsiko dira, etorkizunean eta ahal den neurrian, Mutrikuko Udalak ere bere egin ditzan".