- Mutrikuko Udalak Artisau Arrantzaren inguruko lehen jardunaldiak antolatu ditu eta horien baitan gaian interesa duten guztien partaidetzari irekitako bi hitzaldi egongo dira bihar (19.00etatik aurrera) Zabiel kultur etxean. Sarrera doanekoa da baina pandemiaren ondorioz aretoaren edukiera mugatuta egongo denez, hitzaldietara bertaratzeko interesa duten herritarrek aurrez jaso behar dute gonbidapena Turismo bulegoan edo mutriku.eus web gunean.

Edonola ere, biharko egitaraua abian jartzeko Euskadiko artisau arrantzaren ezaugarritzea, ikuspuntu ekosistemiko batetik abiatuz izeneko hitzaldia eskainiko da, Azti ikerketa zentroko teknikaria den Estanis Mugerzaren eskutik.

Horren ondoren, Bizilur-eko David Lopategik eta Ondarroa 12 milia elkarteko Aitor Leizak Eguneko artisau arrantza, portutik herritarren saskira izeneko hitzaldia eskainiko dute.