- Musbika Ensemble ganbera musika taldeak 2016ko abenduan ekin zion bere ibilbideari Elgoibarko Herri Antzokian eskaini zuen aurreneko emanaldiarekin; eta leku berera itzuliko da hilaren 31n, Antonio Gaztañetaren bidaia ikuskizuna elgoibartarren aurrean eskaintzeko.

Musbika Ensemble taldeko kide eta sortzaileetako bat den Elur Arrieta musikari elgoibartarrak gogorarazi duenez, "Euskal Herrian hainbat itsas-gizon garrantzitsu izan ditugu eta horien artean 1656tik 1728ra bitartean bizi izan zen Antonio Gaztañeta dago".

Antonio Gaztañetaren bidaia ikuskizunarekin (Herriko Antzokiko emanaldia 12.30ean hasiko da), Musbika Ensemblek Gaztañetaren itsasontzian bidaiatzeko aukera eskaini nahi die herritarrei, beti ere, testu dramatizatu eta musikaren bitartez. Izan ere, "tripazko sokak, klabea, arku barrokoak, larruzko estalkiak eta barroko garaiko kriterio historikoekin interpretatutako musikak Antonio Gaztañetaren garaiko Mutriku herrira eramango gaitu bidaiari ekiteko", aurreratu dute taldeko lagunek.

Eta hori gutxi balitz, Antonio Gaztañetak, "denboran bakarrik ez, bere itsasontzian Europako eta Ameriketako hainbat herrialdetara" eramango ditu ikusleak, "bertako musika eta kultura ezagutzeko aukera emanez". Bidai luze horrek irauten duen bitartean itsas-gizonak eta bere marinelek hainbat bataila eta ekai-tzi egin beharko dizkiete aurre"; musika klasikoak ere "pertsona orok gozatzeko eta harritzeko aukera ugari ematen dituela erakutsiz".