- Mutrikuko Udalak jakinarazi duenez, "herritarrek eskuorriko bat jasoko dute etxean ondorengo egunotan eta bertan euren iritzi, kexa edo iradokizunak idatzi ahalko dituzte". Orrialde horietan "herritar bakoitzak bere auzoaren inguruan Udalari helarazi nahi zaiona idatzi ahalko du", ondoren udaletxean, turismo bulegoan, liburutegian, Merkatu plazan, Anai Arte biltokian eta kiroldegian kokaturik egongo diren sei buzoietan sartu beharko duelarik". Hori bai, "norbaitek buzoietara iristeko arazoak baditu komunikazioa@mutriku.net emailera idatzi dezake eta bere egoerari irterbideren bat eskainiko zaio".

Postontzietan lagatako orrialdeak jaso ondoren, Udalak YouTube bidez erantzungo die herritarren eskari edo galderei. Saioak 19.00etan hasiko dira eta Udala orrialde guztiei erantzuten saiatuko da.

Pikupe eta Urazamendiko proposamenei erantzuteko online saioa abenduaren 1ean egingo da, landa eremuari dagokiona abenduaren 3an eta hiriguneko lehen guneari deitutako eremuari buruzkoa (Goiko plaza, Erdiko kale, Konde kalea, Atxitxin kale, Atxitxin aldapa, Beheko plaza, Barrenkale, Ipar kale, San Gil, Frontoiko aldapa, Sabanika Azkiaga, Tranpa kale, Nasa kalea, Piñastegi, Burumendi eta Ibirriaga sartzen dira bertan) abenduaren 15ean eta bigarren eremuari dagokiona (Domingo Ibaibarriaga, Jose Antonio Ezeiza, Lehendakari Agirre, Madalena, San Miguel, Almirante Gaztañeta, Jose Maria Alcibar, En-tzus, Kanteratzea, Iriagirre, San Agustin, Hirigibel, Samikolla, Isabel Lobiano eta Olatz Bidea) 17an.