- Pandemiak eragindako etenaldiaren ondoren, hil bukaerako nekazal azoka bihar itzuliko da Elgoibarko erdigunera. Hori bai, COVID-19ak sortutako osasun egoeraren ondorioz, baserritarren postuak bakarrik jarriko dira eta elkarteek jartzen duten txozna eta haurrentzako tailerrak ez dira izango.

Dena den, biharko feriarekin batera Debabarreneko Gazta Azoka ospatuko da Kalebarren Plazan, 9.00etatik 13.00etara. Bertan Soraluzeko Egotza baserriko ahuntz gazta, Eibarko Sosola baserriko ardi gazta ekologikoa, Mallabiko Axeleku baserriko behi gazta eta Mutrikuko Goienetxe baserriko ardi gazta salduko da.