- Koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz, aste honetan ospatzekoa zen Nazioarteko Folklore Jaialdiaren edizioa bertan behera geratu da "denon osasuna bermatzeko". "Pena handiz" hartutako erabaki "zaila" izan bada ere, Elgoibarko dantzariek hainbat ekintza antolatu dituzte egun hauetarako.

Nabarmenetako bat gaur gauean izango da ikusgai. Izan ere, Haritz euskal dantzari taldeko lagunek sorpresa bat eman nahi izan diote herriari eta nahi duten guztiek okasiorako prestatutako dantza emanaldi txiki batekin gozatzeko parada izango dute (22.30ean) Haritz taldeko sare sozialen bitartez (Youtubeko kanalean, Facebooken eta Instagramen egongo da ikusgai).

Dantzariek elgoibartarrak eta euskal dantzak gustoko dituzten herritar guztiak animatu nahi dituzte gaur gauerako antolatu duten emanaldia ikusteko.

Bestalde, Haritz taldeko kideek Elgoibarko herriguneko hainbat establezimenduren erakusleihoak apaindu dituzte "azken 33 urte hauetan zehar ikusgai egon diren jaialdi guztietako arropa, irudi eta bestelako elementurekin".

Herritarrak oraindik garaiz daude apaindutako erakusleiho horiekin disfrutatzeko.