- Inguruko herrietan bezala, Soraluzeko Udalak aurtengo jai nagusiak bertan behera uztea erabaki du. Kultura zinegotzia den Abel Olaizolak adierazi duenez, "azken hilabeteetan bizi dugun osasun-krisiak ezinezkoa egiten du jaiak betiko moduan ospatzea, jende pilaketak ekiditea funtsezkoa delako".

Jaiak bertan behera geratuko badira ere, "herritarrei eta kultur arloan lan egiten dutenei keinu bat egitea ere garrantzitsua dela kontuan izanik", kultur programazio berezia antolatuko du Udalak, hainbat eragilerekin batera. Hori "hilaren 27tik uztailaren 26ra bitartean" egingo da.

Pil-pilean elkarteak gaur ospatzekoa zen Udate gaueko jairik ez egitea erabaki du. Elkarteko lagunek jakinarazi dutenez, "udako soltizioari ongi etorria emateko sua piztu ohi dugu Plaza Berrian, ondoren, suaren bueltan dantza egin edota gainetik salto egiteko". Aurten, ordea, "administrazioek jendea biltzeko ezarri dituzten arauak direla eta, plazan batu daitekeen herritar kopurua oso murritza da eta hortaz, Udalarekin berba egin ostean, erabaki dugu aurten surik eta jairik ez egitea".