- Otsailean ospatu ziren inauterietako irudi onenak saritzeko antolatutako Eguen Zuri lehiaketaren irabazleen izenak ezagutzera eman ditu Eibarko Arrate kultur elkarteak. Sariketaren aurtengo ediziora 12 egile ezberdinen 33 lan aurkeztu dira eta epaimahaiko kideen ustetan Jose Luis Irigoien eibartarraren Eskuak izenekoa izan da onena.

Lehiaketaren bigarren saria Pedro San Romanek egindako Momotxorros lanarentzat izan da eta hirugarrena Fernando Retolazak aurkeztutako Txano Gorritxu festara izeneko irudiarentzat.

Arrate kultur elkarteak lehiaketaren irabazleak zoriondu ditu eta parte-hartzaile guztiei eskerrak eman dizkie. Era berean, elkarteko kideek jakinarazi dute Eguen Zuri lehiaketaren sari banaketa eta aurkeztutako 20 lan onenen aukeraketarekin urtero antolatzen den erakusketa "koronabirusak eragindako alarma egoera pasatzerakoan" egingo direla, beti bezala, Topalekuko aretoan.

Momentuz, herritarrek Arrate kultur elkarteko Facebookeko orrian ikus ditzakete 2020ko Eguen Zuri argazki lehiaketara aurkeztutako irudiak.