- Koronabirusak sortu duen egoeraren eraginez, neurri bereziak hartu ditu Oñatiko Udalak larunbateko berdura azoka egiteko. Beraz, ohiko tokian jarri ordez, Zubikoa kiroldegiko kantxa urdinak hartuko ditu gaur baserritarren saltokiak. Postu bakoi-tzean saltzaile bat egongo da eta elikagaiak baino ez dira salduko. Kontsumitzaileei dagokienez, familia bakoitzeko pertsona bakarra joan ahal izango da 8:00etatik 13:30era zabalik egongo den azokara, eta ezingo dira bertaratu umeak zein 70 urtetik gorakoak.

Arrasaten, bere aldetik, Udaltzaingoaren zaintza areagotu da herrian: supermerkatuen eta merkataritza-guneen inguruan, auzoetan, kaleetan, ospitalean... Halaber, ibilgailuen eta herritarren oinezko joan-etorriak ere kontrolatzen ari dira, erabilera mugatuko arauak aplikatuz. Udalak atzo adierazi zuen bezala, ostegunean, jai eguna, 250 autotik gora gelditu zituen Udaltzaingoak. 45 pertsona identifikatu ziren eta bederatzik urratu zuten Herritarren Segurtasunerako Legea.