Gipuzkoako txokorik maiteena Sakoneta. Ez naiz asko joaten baina oso leku berezia iruditzen zait.

Paisaia bat Santa Katalinatik dauden kostalde osoko bistak zoragarriak dira.

Festa edo ekitaldiren bat Ez naiz festazalea baina Debako sanroketan egiten den artisauen azokatik pasatzea gustatzen zait.

Mendi bat Itziarko Andutz, bat esatearren.

Hondartza bat Politena La Concha izango da baina Debakoa esango dut. Ezagunena dut eta gainera oso gustora egoten naiz bertan.

deba - Mirari Arrizabalaga 47 urteko debarra bere herrian sortu berri duten Apakin guraso taldeko kideetako bat da. Hauek hilean behin elkartzen dira haurren eta gazteen euskararen erabileran eta hizkuntza-ohituretan eragiten eskarmentua duen Ebete enpresako teknikari batekin, herrian euskarak bizi duen egoerari buruz hausnartu eta erabilera handitzeko pausuak emateko. Herritar guztiak gonbidatuta daude Apakin taldeko batzar horietara gerturatzera.

Nola eratu da Apakin guraso taldea?

-Joan den urte bukaeran Udalak haur eta gazteen euskararen erabileran urratsak emateko familietatik egin zitekeenaz hausnartzeko deialdia egin zuen. Lehen batzar haietan euskararen erabilerarekiko gurasoen kezka agerian geratu zen; batzuk biltzen jarraitzeko prest azaldu ginen eta bilera horietatik atera zen herrian euskararen erabilera sustatzen saiatzeko guraso talde bat eratzeko ideia.

Zergatik Apakin?

-Deban apakinak itsasoak hondar-tzara ekartzen dituen egur horiek dira eta talderako herriko hitz bat, Debari lotutako zerbait nahi genuenez ba... izen aproposa iruditu zitzaigun.

Zeintzuk dira taldearen helburu nagusiak?

-Guraso batzuk ikusten dugu herriko ume asko, euskaraz ondo jakinda ere, lagun artean erderaz aritzen direla. Eta horrek kezka bat sortzen digu. Horregatik, helburua haurren hizkuntz-jokaeran eragitea da; lagun taldean ateratzen hasten diren adin horretako umeengan eragitea, hain zuzen ere. Hori bai, hori lortzeko, haur horien gurasoetan eragitea ezinbestekoa da.

Zergatik?

-Gurasoak konturatu behar dira beren jokaerak oso eragin handia duela seme-alabengan eta umeekin euskaraz aritzen badira baina buelta eman bezain pronto beste helduekin erderara pasatzen badira ba... Gurasoak eredu aktibo izan behar gara umeentzat eta esaten badiegu euskaraz egiteko baina gero guk erderaz egiten badugu, en balde da haurrei euskaraz aritzeko eskatzea.

Udalak Euskara saila daukala eta herrian Zuhatza Euskara elkartea dagoela ikusita, arraroa egiten zait Deban euskara sustatzeko guraso talde bat eratuta ikustea...

-Udaleko Euskara sailak bere lana dauka eta Zuhatzak ere. Gure asmoa erakunde horietatik aparte dagoen eragile berri bat sortzea da, gurasoengandik beste gurasoengan eragiten saiatzeko. Umeen eskolaz kanpoko jarduera ezberdin askotan gurasoak ere badaude eta eremu horietan zabaldu nahi dugu erabilera. Edonola ere, Udala, Zuhatza elkartea eta Apakin guraso taldea elkarlanean aritzeko prest gaudela uste dut.

Oker ez banabil, zuen taldeak herritarren hizkuntz-jokaera ikusteko neurketa bat egin du jada....

-Bai, Foruen plaza jendez gainezka zegoen eguraldi oneko egun bat aukeratu ondoren, hainbat ordu eman genituen jendearen hizkuntz jokaerak begiratzen. Umeak umeekin, umeak helduekin eta helduak helduekin nola aritzen ziren aztertu genuen.

Eta zer nolako ondorioak atera zenituzten?

-Gutxi gora behera pentsatzen genuena atera zen. Helduen eta umeen arteko hizketaldi gehienak, %80a, euskaraz izan ziren eta helduen artekoak, aldiz, %29a. Hori da Debako errealitatea.

Zerbait egin duzue neurketaren datu horiek gizarteratzeko?

-Bai. Lehenik eta behin, portzentaiak soikik jasotzen zituzten kartel batzuk ipini genituen erdiguneko hainbat lekutan herritarren interesa pizteko. Egun batzuk beranduago, berriz, portzentai horien azalpena ematen zuten beste kartel batzuk jarri genituen.

Zehaztu dituzue aurrera begirako ekintza gehiago?

-Joan den ostegunean ikuspuntu ezberdinak konpartitzeko kafe-tertulia antolatu genuen Agirre jauregian baina oraindik ez dugu zehaztu zein izango da antolatuko dugun hurrengo ekintza. Helburua badakigu zein den eta hori lortzeko eman beharreko pausuak poliki poliki joango gara zehazten. Pauso bat eman ondoren hurrengoa erabakiko dugu. Hori bai, herritar eta guraso guztiak gonbidatuta daude gugana gerturatzera.