Deba - Orain dela hilabete batzuk Deban martxan jarri zen Kultur Mahaiak herriko 25 talde edo eragileren erantzunekin osatutako galdetegiaren emaitzak eman ditu ezagutzera eta horren arabera ia eragile guztiek (%96ak) kulturgune baten beharra ikusten dute herrian. Gainera, ekipamendu horren kudeaketa Kultur Mahaiaren esku lagatzearen alde agertzen dira, “erakunde eta beharrezko teknikarien laguntzarekin”.

Kultur Mahaiak azaldutakoari eutsiz, kultur-eragileen gaur eguneko funtzionamendua “ona da”, baina taldeen ia erdiak (%48a) bere etorkizuna “kolokan” ikusten du.

Bestalde, elkarlanari erreparatuz, eragileen %16ak Udalarekin harreman estua duen arren eragileen gehiengoak (%84) noizbehinkako harremana dauka edo ez dauka harremanik. Ildo beretik, kultur-taldeen %64ak herriko beste eragileekin harremanik ez du edo harreman puntuala dauka.

Emaitzekin bukatzeko, kultur-eragile gehienek (%84) bere eguneroko jarduna aurrera eramateko gune propio edo konpartitu bat dute; baina ekintzak antolatzerako orduan, talde gehienak (%60) azpiegitura eta materialak konpartitzera, beste eragile batzuei eskatzera edo alokatzera beharturik daude. Hori dela eta, kolektiboen jarduna hobetzeko identifikatzen diren behar nagusiak azpiegitura eta material faltarekin daude lotuta.

Hala, eragileen artean, kultur gune baten beharra eta eragileen arteko eta administrazioarekiko elkarlana sustatzeko beharra ikusten da.