Azkoitia - “Genero ikuspegitik eta partaidetza bidez egindako udalerriko diagnostiko urbanoa” aukeztu zuen atzo Azkoitiko Udalak. Behin Mapa Morea eginda, Udalak “hemendik aurrerako erabaki eta proiektuetan kontutan hartuko” du Patxi Galarraga arkitektoaren gidaritzapean prestatutako dokumentu hori.

Udaleko teknikari eta politikoen eta herritarren partaidetzarekin Mapa Morea diseinatzeko jarraitutako prozesua azaldu ondoren, atzoko aurkezpenean parte hartu zuten lagunek “gizonezkoek eta emakumezkoek herriko txokoak ezberdin baloratzen dituztela” nabarmendu zuten.

Auzoen balorazio orokorra egiterakoan, Trenbidearen Zumardia da baloraziorik altuena jasotzen duena, Alde Zaharra eta Julio Urkixorekin batera. Aldiz, punturik gutxien Floreagak, Ipintzak, San Martinek, Txalonerrekak eta landa auzoek dituzte.

Aztertutako ardatzen arabera, herritarrek segurtasun aldetik okerren Floreaga eta San Martin baloratu dituzte. Baliabide gutxien Ipintzan dagoela ondorioztatu da; irisgarritasunari begira gaizkien Floreaga auzoa dago; mugikortasunak ere puntuazio baxuena Floreagan eta San Martinen eman du; Zaintza-lanik gehien eta kontziliazio gutxien landa eremuetan dago azterlanaren arabera, eta adierazgarritasuna ahulena dagoen tokia Txalonerreka da.

Halaber, lanak jasotzen du segurtasunari dagokionez iluntasuna dela gabezia nagusia Floreagako patio gaineko bidean, beilatoki inguruan edota Plazaberrin. Leku bakartiak dira, berriz, Santa Klara-Matadeixe ingurua edota Txalonerrekako bidea.

Ongizate sozialaren eremuan diagnostikoak ondorioztatu du Plazaberri zahartzen ari dela eta berritu beharra dagoela. Oinezkoentzat izatea edota hobeto argiztatzea ere eskatu dute Mapa Morean parte hartu dutenek.