Azkoitiko - Azkoitiko Udalak 2008an bat egin zuen Badihardugu Euskara Elkarteak Euskal Herriko leku ezberdinetako hizkera eta ahozko ondarea jaso eta gordetzeko helburuarekin 2003an martxan jarri zuen Ahotsak egitasmoarekin. Orduko lankidetzaren baitan 33 herritar elkarrizketatu ziren 2008tik 2010era bitartean (gehienak 70 urtetik gorakoak) eta egindako lanari esker, elkarrizketatuta izan ziren azkoitiar haien testigantzetik ateratako 913 pasarte daude grabatuta eta zintzilikatuta ahotsak.eus web gunean gaur egun.

Edonola ere, Azkoitiko Udalak 2008an Ahotsak egitasmoaren bitartez herriko hizkera eta ahozko ondarea jasotzeko hasitako ibilbideari bultzada berri bat emateko unea heldu dela erabaki du eta horregatik lankidetza etapa berria abiatu du Badiharduguko adituen eskutik.

Marijose Arregi, Udaleko Euskara Batzordeburuak, eta Aintzane Agirrebeña, Badihardugu Euskara Elkarteko ordezkariak, ostiralean aurkeztu zuten elkarlanerako hartutako akordio berria udaletxean.

Euskara zinegotziaren hitzetan, "bere garaian zabaldu zen proiektu honen berri baina uste dut benetako altxorra dela esku artean duguna eta berriro ere egitasmoari heldu eta indartzea dagokigula, eguneratzea, zabaltzea eta Azkoitiko ahozko ondare herritarren eta interesa duen ororen esku jartzea". Horretarako, "legealdi honetan zehar, urtero hamar bat herritar elkarrizketatzeko asmoa dugu". Hauek, lehen egin zen bezala, euskararen bueltan, herriko historia eta garai bateko kontu zaharrei buruz eta, azken batean, "nahi adina gairen inguruan" arituko dira.

Aintzane Agirrebeña hasi da dagoeneko 2020rako aurreikusita dituen elkarrizketak egiten. Aurreikuspenen arabera, 120 pasartetik gora jasoko dituzte. Berak azaldutakoari eutsiz, "Azkoitia oso herri euskalduna da eta oso euskara ona egiten da. Baina horretaz gain adineko jende asko dago oso kontalari ona dena eta gerra aurreko kontuak-eta, oso ondo kontatzen dituena".