Deba - Debako Udala 2020ko aurrekontuak onartzeko prozesuan murgilduta dago eta horren baitan Itziarko Entitate Txikiak kudeatuko dituen kontuak ere zehaztuko direnez, Debako Udalak eta Itziarko Auzo Udalak urte berri honetarako prestatutako aurrekontuen proposamena aztertzeko bilera irekia antolatu dute ostegun honetarako Burugorri gunean.

Batzar hori 21.00etan hasiko da eta bertan Arantza Egaña auzo alkateak eta Gilen Garcia Debako alkateak emango dituzte azalpenak. Itziarko Entitate Txikia osatzen duten auzo guztietako bizilagunak gonbidatuta daude bertara gerturatzeko. Izan ere, agintarien azalpenak entzun ondoren, bildutakoek proposamena eztabaidatu eta egoki ikusten dituzten ekarpenak egiteko aukera izango dute.

Debako Udaletik gogorarazi dutenez, "Debako Udalaren aurrekontu orokorrarekiko por-tzentaian ?nkatzen dira Itziarko Auzo Udalaren aurrekontuak, 3/2015 Foru Dekretuak ezarria duen formularen bidez".

Entitate txikia sortu zenetik gatazka iturri izan da urteroko aurrekontuaren negoziaketa, ezarritako formularekiko alde ezberdinek izan dituzten interpretazio kontrajarriak tarteko. Hala ere, "baretuz doaz desadostasunak", azaldu dute Debatik.