Elgoibar - Hitzaldi-zikloa Aro modernoa: Euskal Herria mundura zabaltzen izenburupean egingo da eta bertan lau solasaldi eskainiko dira, beste horrenbeste adituren eskutik. Elgoibarko Izarra elkarteak eta Ilumberri Achademiak antolatuta, Udalaren laguntzarekin, herritar guztien partaidetzari irekita dago datozen aste eta hilabeteotarako.

Antolatzaileek azaldutakoari eutsiz, “Aro Modernoan (XVI-XVIII. mendeak) eraldaketa handiak gertatu ziren mundu mailan eta Euskal Herrian isla nabarmena izan zuten. Besteak beste, Kantauri aldeko herriak potentzia bilakatu ziren nabigazio eta merkataritza alorretan”.

Hori dela eta, bihar bertan martxan jarriko den hitzaldi-ziklo berrian aro nahasi eta gatazkatsu horren zenbait zertzelada emango dira, eraldaketa horietan berebiziko pisua izan zuten bi jardueratan arreta berezia jarriz: “alde batetik, ontzigintzan, eta hari lotutako nabigazioan; eta bestetik, armagintzan, eta hari estu uztarturiko gerletan”, hain zuzen ere. Gainera, garai hartako emakumeen egoerari buruzko hitzaldi berezia eskainiko dute.

Edonola ere, prestatutako egitaraua abiatzeko Untzigintza XVI. mendean: Atlantikoaren erronka izeneko hitzaldia egongo da bihar, Lourdes Odriozolaren eskutik.

Bigarren saioa martxoaren 11n izango da. Egun horretan Amaia Nausiak Emakumearen egoera Nafarroako konkistaren testuinguruan hitzaldia eskainiko du.

Zikloak apirilaren 22an izango du jarraipena, Joseantonio Azpiazuren Armagintza XVI-XVII. mendeetan: inperio bat sostengatu zuen industria hitzaldiarekin. Bukatzeko, Javier Elorzak Elkano eta euskal marinelak munduari lehen biran gaia jorratuko du ekainaren 3an.

Lau hitzaldiak Kultur Etxean izango dira, 19.00etan hasita.