Elgoibar - Elgoibarko Udalak Jira bueltan izeneko liburuxka eta DVDa argitaratu zuen 2018ko abenduan Eskoriatza, Aretxabaleta eta Eibarko udalekin elkarlanean eta Badihardugu elkartearen Ahotsak ikasgelan proiektuaren baitan.

Egitasmo horretan lau herrietako 9 ikastetxetako 300 haur baino gehiagok hartu zuten parte (horien artean Elgoibarko Herri Eskolako eta Ikastolako umeak izan ziren) eta egindako lanari esker "adineko 60 lekuko baino gehiagoren testigantzetan oinarritutako Debarroko 51 kanta eta jolas jaso ziren".

Orain, Elgoibarko Udalak betiko kanta eta jolas horiek jasotzen dituen liburuxka-DVDa banatuko du herriko ikastetxeetako LH1-eko ikasleen artean.

Udaletik azaldu dutenez, argitalpenean "zero eta 12 urte bitarteko haurrekin jolastu nahi duen edonorentzat aproposa diren 14 jolas, 30 kanta-jolas eta 7 abesti daude". - J.L.