Elgoibar - Elgoibarko Udalaren Kultura, Euskara, eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko departamentuek 8 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzendutako Idazlan lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu dute elkarlanean, beti ere, “ikasleen artean euskaraz idazteko trebetasuna sustatzeko” helburuarekin.

Aurtengo sariketan adinaren araberako bost kategoria egongo dira(LH3-4ko ikasleentzat, LH5-6koentzat, DBH1-2koentzat, DBH3-4koentzat eta Batxilergoko edota Erdi Mailako Lanbide Heziketako ikasleentzat).

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehiaketaren gaia librea izango da baina lan guztiek “euskaraz idatzitakoak, jatorrizkoak eta aurrez saritu eta argitaratu gabeak” izan behar dute. Idatziak “A4 neurrian, orriaren alde batetik idatzita eta ordenagailuz aurkeztu beharko dira; LH3 eta LH4 mailetan salbu”. Hauen kasuan “idazlanak eskuz idatzita bakarrik onartuko dira”.

Parte-hartzaileek ikastetxeetako ikasgeletan aurkeztu behar dituzte idazlanak (3 kopia) eta horretarako azken eguna martxoaren 13a izango da. Elgoibartik kanpoko ikastetxeetan ikasten ari diren ikasleek, berriz, zuzenean entregatu beharko dituzte lanak Santa Ana kalean kokatuta dagoen Herritarren Harreta Zerbitzuan, 07.30etik 15.30era bitartean, hain zuzen ere.

Epaimahaiak herriko dendetan erabiltzeko 50 eta 120 euro bitarteko 26 bono banatuko ditu saritutako egileren artean. - J.L.