Ikastola eta Institutuko ikasleekin. Elgoibarko Udalak, Ikastolak, Arreiturre Institutuak eta Ahize-AEK aholkularitza enpresak EusLiderrak izeneko programa jarri dute abian ikasturte honetan herrian, "nerabe eta gazteen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskararen erabilera informala bultzatzeko" helburuekin. Egitasmoa Ikastolako eta Institutuko DBH 3ko 120 ikasle ingururen partaidetzarekin garatzen ari da (ezkerreko irudian Ikastolakoak eta eskuinekoan Institutukoak). Ikasleekin motibazioa lantzeko hiru saio egin ondoren, egitasmoak aurrera jarraituko du proiektuarekiko atxikimendua adierazi duten 30 ikasleekin. Horiekin Ekintza soziala izeneko beste fase bati ekingo zaio; eta fase berri hori bukatzean, ikasle horiek hizkuntza liderrak bihurtuko dira, hau da, eusliderrak. Hori erakusteko, bada, ikastetxean bertan nahiz kalean egingo den ekitaldiren bat antolatuko dute. Argazkiak: N.G.