Elgoibar - Elgoibarko Taupada antzerki taldeak "teknika erraza eta etxean aurkitu daitezkeen elementuak erabiliz" maskarak egiten ikasteko tailerra antolatu du datorren hilabeterako.

Taupadatik aurreratu dutenez, maskara tailerraren saioak otsailaren 8an eta 15ean egingo dira "10.00etatik 14.00etara bitartean, Kultur Etxeko sotoan eta Kukubiltxo taldeko kidea den Josu Camara irakaslearen gidaritzapean".

Tailerrean parte hartzeko matrikularen prezioa 20 eurokoa da eta interesatuek otsailaren 6ra arte eman dezakete izena. Horretarako taupada0@gmail.com helbidera mezua idatzi edota 656 416 677 telefono zenbakira dei egin daiteke.

Taupada taldeko lagunek esandakoari eutsiz, tailerraren helburu nagusia "guztion imajinarioan hain garrantzitsuak diren maskaren mundura hurbilketa bat izatea" da. Era berean, ekimen honekin Taupadakoek "herritarrak maskaraz egindako antzerkira edo gure jai giroko mozorrotzeko ohituretara gerturatzea" nahi dute.

Edonola ere, maskarak egiteko material birziklatuak erabiliko dituzte: "egunkariko papera, kartoiak, oihalak, apaingarriak...". - J.L.