Eibar - Eibarko Armeria Eskolak "esparru anitzeko profesionalen ideiak, gogoetak eta lan onaren oinarriak azaldu eta partekatzeko" Ondo egindako lana foroa estreinatu zuen orain dela bost urte.

Ordutik, ikastetxeak hainbat pertsona, enpresa eta erakunderen ibilbideak errekonozitu ditu ekimen horren baitan: Gaizka Garitano, Miguel Lazpiur, M. Iraolagoitia, Antonio Cancelo, Aitor Gorosabel, Joan Mari Torrealdai, Juanjo Alvarez, Xabier Amuriza, Mariano Ferrer, Abel Barriola, Elay enpresa, Eusko Ikaskuntza, Elkar Fundazioa...

Edonola ere, eskolaren omenaldia eta errekonozimendua jasoko dituen hurrengo pertsona Uxue Barkos kazetari eta politikari nafarra izango da.

Nafarroako Lehendakari ohiak hilaren 20an jasoko du "aniztasunean eta errespetoan oinarritutako politikaren zintzotasuna eta dotoreziari" aitortza, Armeria Eskolan (18.30ean) egingo den ekitaldi batean, hain zuzen ere.

Bertan Xabier Lapitz kazetariak gidatuko duen eta interesa duten guztiei irekita egongo den Uxue Barkosekin solasaldia egingo da.

Ekitaldira gerturatzeko asmoa dutenek ulaziajm@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 943 203 244 telefono zenbakira dei dezakete lekua hartzeko. - J.L.