AZPEITIA - Antzerkigintzako arlo ezberdinetan eskarmentu handia izanda ere, gaur bertan 45 urte betetzen dituen Alaitz Olaizola azpeitiarrarentzat (zorionak Alaitz) “oso esperientzia aberasgarria” izan da bere herriko Lagun Onak futbol talderako ipuina idaztea. “Irakurtzeko erraza eta kirolaren balioetan oinarritutako lana” dela aitortuta, idazleak adin guztietako herritarrak animatu nahi ditu joan den igandean Garmendipeko instalakuntzetan aurkeztu zuten Izen eta Izan ipuina irakurtzera.

Zelan suertatu zitzaizun Lagun Onakek bere 75. urteurrenaren harira kaleratu nahi zuen ipuina idazteko aukera?

-Eregi komunikazio enpresako Leirek deitu zidan Lagun Onakek umeentzako liburu-ipuin bat egin nahi zuela azaldu eta idazteko prest egongo nintzen galdetzeko... eta gusto handiz baietz esan nion.

Zer nolako harremana duzu edo izan duzu Lagun Onakekin?

-Egia esan, ez dut futbol taldearekin harreman zuzenik izan baina gure aitak bertan jokatu zuen. Gainera, umetan oso futbolzalea nintzen eta lan honek nire bi pasioak diren futbola eta literatura uztartzeko aukera eman dit.

Nolako prozesua jarraitu duzu ipuin hau egiteko?

-Lehenik eta behin Lagun Onakeko teknifikazio eskolaren entrenamendu batera gerturatu nintzen, nola funtzionatzen duten ikusteko. Era berean, klubeko kide ezberdinekin elkartu nintzen, zer nahi zuten galdetzeko. Hori egin ondoren, ideia pare bat hartuta bueltatu nintzen etxera lanean hasteko. Askatasun osoa izan dut ipuina idazteko.

Iban Izagirreren marrazkiekin osatu da lana...

-Bai, eta oso lan ona eta polita egin duela esan behar dut. Behin testua eginda, Ibanekin elkartu nintzen. Pertsonaia bakoitzaren deskripzio laburra eman nion, buruan zer neukan pentsatuta ikusteko. Hortik, askatasun osoz egin du bere lana eta oso gustora geratu gara emaitzarekin.

Laburtuta bada ere, zer nolako istorioa kontatzen da liburuan?

-Herriko futbol taldea izen bila dabil eta lehiaketa bat antolatzen du. Orduan, Iñaki, Azpeitiko mutil koxkor bat, interesatzen da lehiaketan eta oso izaera eta jatorri ezberdineko zazpi neska-mutilekin osatutako taldetxo bat sortzen du, denen artean futbol talderako izen egokia topatu nahian. Bi aste elkarrekin entrenatzen egon eta gero partida bat jokatzen dute eta denbora horretan oso lagun egin direla ikusita Lagun Onak izena aukeratzen dute, elkarrekin aritu diren aste horietan horrela sentitu direlako. Ipuinaren amaieran umeak zahartuta agertzen dira eta ikusten da urte asko pasa ondoren jarraitzen dutela geratzen Lagun Onakeko partidak elkarrekin ikusteko.

Balioetan oinarritutako lana, bai...

-Klubak bere 75. urteurrenerako aukeratu zuen leloa Futbola bihotzean, balioak zelaian zela ikusita, argi nuen aniztasuna, adiskidetasuna, errespetua edota talde lana islatu behar nituela ipuin honetan.

Zer eman dizu lan honek?

-Enkargu bat izanda ere, oso esperientzia aberasgarria izan da. Etxean jokatze horrek ahalegin berezia eskatzen du denak pozik geratzeko. Eta ni oso gustora geratu naiz emaitzarekin. Ipuinean agertzen diren neska-mutilen azalean sartu naiz eta era batera edo bestera nire haurtzarora bueltatu naizela esango nuke.