deba - Joan den asteazkenean lehen jardunaldia jokatu ondoren, Urte Berriko XLIV. idi proben bigarren saioa burutuko da gaur (21.00etatik aurrera) Debako Euskal Jolas pilotalekuko probalekuan.

Gaurkoan lau izango dira lehian arituko diren idi pareak.

Hasteko, Iñaki Oliden oriotarraren eta Laukizeko Garagartza elkarteko uztarrien txanda izango da, kintopekoen atalean. Ondoren, sekzio ofizialean lehiatuko diren idi pareak arituko dira harriarekin lanean. Lehenik eta behin, Elgoibarko Soarte anaien uztarriak aterako dira probalekura eta haien ostean Laukizeko Unai Elorrietaren uztarrien txanda izango da.

Urte Berriko demekin amaitzeko, hirugarren jardunaldia jokatuko da hilaren 7an (21.00etan hasita).

Egun horretan sekzio ofizialaren barruan lehiatuko diren lau idi-pare lanean ikusteko aukera izango da: Urretxuko Ipiñarrietarenak, Aiako Izetarenak, Errezilgo Bizkiakenak eta Laukizeko Garagartza elkartearenak. - J.L.