Mutriku - Mutrikuarrek eta herrira gerturatzen diren guztiek Santo Tomas eguneko azoka bereziaren edizio berri batekin disfrutatzeko aukera izango dute bihar.

Urtero bezala, Mutrikuko Udalak ekitaldiz betetako egitaraua antolatu du festa giroan burutuko den jardunaldi honetarako.

Egunari hasiera ona emateko 14.00ak arte martxan egongo den azoka irekiko dute 10.00etan. Bertan, herriko baserritarren eta ekoizleren produktu ugari ikusi eta erosi ahalko dira (fruta, barazkiak, ogia, gazta, eztia, euskal pastela...).

Mutrikun ohitura denez, baserritarren postuekin batera, Zabiel eskulan taldea, Etxerat, Institutua, Musika Eskola edo Udan Zaporeak bezalako beste hainbat talde eta erakunderen postuak izango dira feria gunean.

Gainera, azoka borobiltzeko herriko baserrietan hazitako animaliekin prestatutako ganadu erakusketa eta talo postua egongo dira goizean zehar.

Edonola ere, Santo Tomas eguneko egitaraua ez da bertan geratuko. Izan ere, 12.00etan goi mailako herri kirolen jaialdi batekin gozatzeko parada izango da Beheko plazan (euria bada Miruaitz frontoian) eta 13.00etan herriko trikitilariek erdiguneko kaleak eta plazak girotuko dituzte.

Biharko festari amaiera emateko Mutrikuko Rock Kolektiboak antolatutako rock gaua izango da (22.30etik aurrera) Gaztetxean. - J.L.