- Usurbilek, bi urteren ostean, XXXIX. Sagardo Eguna ospatuko du igandean frontoi eta Dema plaza inguruan. Gogo handia dago festaz gozatzeko eta Sagardo Egunaren Lagunek egun osoko egitaraua prestatu dute aurreko urteetako ekintzen patroia jarraituz.

Honela 11.00etan botatzaileen argazkia aterako dute eta ordu erdi beranduago Sagardo Egunari irekiera emango zaio. Baserri zein sagardotegietako sagardoa dastatzeko aukera egongo da, baita pintxo aukera zabala ere.

Nola ez, botatzaileen lehiaketa ez da faltako eta hauek 15.00etan elkartuko dira Udarregi ikastolan bazkaltzeko eta indarrak berreskuratzeko.

Arratsaldean, 18.00etatik 21.00etara Matraka elektrotxarangak herriko kaleak alaituko ditu.

Sagardo Eguna ohitura handiko zita da usurbildarren egutegian. Izan ere, lehengo astean Usurbilgo sagardoaren kulturaren inguruko ikerketa baten aurkezpenean, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu zuenez, usurbildarrentzat hilabete berezia da maiatza "hain berezia eta kutuna" Sagardo Eguna ospatzen baita hilabete honetan.

Hori horrela izanagatik ere, sagardoak Usurbilen duen garrantzia hori baino gehiago dela azpimarratu zuen: "Sagardoa, gurean, txotx garaitik eta Sagardo Egunetik harago doa. Sagardoa eta sagardoaren kultura zabaltzeko hamaika egitasmo eta proiektu sustatzen dira gure herrian, sagardogintzaren bueltan ari garen eragile ezberdinok osatu genuen Usurbil: sagarraren bihotza, sagardoaren kultura agendak erakusten duen bezala. Ez da inon halako egitaraurik osatzen".

Emagin elkarteak indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko du Sagardo Egunean, Udalaren eskariz: Mikel Laboa plazaren goiko aldean jarriko dute, 18.00etatik 23.00etara. Gunearen helburua da jai giroan ere indarkeria sexistaren gaia ikusaraztea eta herritarrek kontzientzia hartzea. Emagin elkarteko kideak une oro izango dira gunea dinamizatzen, bertaratutakoei aholkularitza ematen eta zalantzak eta kezkak argitzen.

Era askotako materiala eskainiko dute indarkeria sexistarik gabeko gunean. Emagineko kideek nabarmendu dutenez, gunearen publiko hartzailea hamabi urtetik gorakoa da: bertako materiala eta zerbitzua adin horretatik goragoko pertsonei dago zuzendua. l