- Astigarragako Udalak urtengo udaran herriko haur eta nerabeek izango duten aisialdirako aukera oparoa aurkeztu du. Udaleku irekiak, kirol udalekuak, musika udalekuak edota ikastaroak eskainiko dira, besteak beste. Dagoeneko eskaintzaren informazioa herriko etxeetara iritsi da.

Hasteko, Jolas Txiki programa 2019 eta 2017 urteen bitartean jaiotako haurrei zuzenduta dago. Jolas didaktiko eta hezitzaileak, psikomotrizitate ariketak eta gorputz adierazpena burutuko dituzte kiroldegian. Gainera, 2016 eta 2010 urteen artean jaiotakoek Multikirolan parte hartzeko aukera izango dute. Bi kasuetan izen-ematea maiatzaren 16tik 20ra egin beharko da kiroldegian.

Bestalde, Udaleku irekiak eskainiko dira 2018 eta 2010 urteen artean jaiotakoentzat. Bertan, jolasak, eskulanak eta irteerak burutuko dituzte Astigarraga eta inguruko herriak ezagutzeko. Honetaz gain, gaztetxoek, 2009 eta 2006 artean jaiotakoek, Garden (Nafarroa) egonaldia egiteko aukera izango dute. Bi ekintza hauetarako izen-ematea aste honetan zabaldu da eta igandean itxiko da. Online edo Erribera kulturgunean egin daiteke (16.00etatik 20.00etara).

Musika udalekuak 2018 eta 2011 urteen artean jaiotakoei zuzenduta dago. Izen-ematea Norberto Almandoz musika eskolan egin beharko da maiatzaren 25 eta 26an (11.00-14.00/17.00-19.00) eta 27an (10.00-14.00). Saioak musika eskolan egingo dira eta, eguraldiak baimenduz gero, irteera txikiak burutuko dira herrian zehar.

Amaitzeko, ekainean gaztelekuko irteeren eta kiroldegiko ikastaroen izen-ematea zabalduko da.

Informazio gehiago udal webgunean ikus daiteke.