- Astigarragako Udalak kultur etxe zaharraren etorkizuna definitu nahi du. Horretarako, herritarren eta gizarte eragileen iritzia jaso nahi du datozen hilabeteotan egingo diren galdetegia eta saio irekien bidez.

Une honetan bertan gaztelekua, AEK, Udalaren Berdintasun eta Enplegu sailak eta Sagardoetxearen bulegoak kokatzen dira. Alabaina, zerbitzu horietako batzuk epe ertainera bertatik irtetea aurreikusten da, beste batzuk ordea etorkizunean ere bertan geratuko dira.

Eraikinari etorkizunean herriko behar eta nahiei egokitutako erabilera emateko, libre geratuko diren espazioei eman ahal zaien erabileraren inguruan herritarren iritzia jasotzeko galdetegia eta hainbat saio egingo dira datozen hilabeteetan. Galdetegia zein saioak irekiak izango dira eta Udalak parte hartzera gonbidatu nahi du interesa duen herritar oro.

Partaidetza prozesua gidatzen laguntzeko, Udalak Hiritik At enpresaren laguntza kontratatu du eta bertako profesionalak izango dira herritar eta eragileen partaidetza dinamizatuko dutenak, Udalarekin batera.

Udaletik gogorazi dutenez, kultur etxe zaharra Kontxa Etxeberriak 1904tik 1930era epean eraiki arazia izan zen. Lehenengo garai hartan ikastetxea eta umezurtz-etxea izan zen eraikina. Ordutik, erabilera soziala eman zaio, eta herritarren ongizatearekin lotutako proiektuak garatu dira bertan.

2020ko irailera arte kultur etxe gisa funtzionatu izan du, eta Erribera kulturgunea ireki zenean, eraikinari erabilera berria emateko aukera ireki zen.

María Concepción Celestina Echeverria Miranda, Doña Kontxa izenaz ezagutzen den andrea, 1855eko maiatzaren 19an jaio zen Astigarragan. Doña Kontxa bere garairako emakume aurreratua izan zen.

Doña Kontxak ume behartsuekiko, bereziki Astigarragako umezurtzekiko, sentsibilitate handiko emakumea izan zen, eta beraientzat espreski eraiki zuen egoitza. Nahi hori gauzatzeko, Asilo-escuela de Húerfanos Jésus Nazareno y Cristo Rey fundazioa sortzeari ekin zion. Gaur egun bere jarduera soziala bizirik dirau kultur etxeari esker.