- Urnietako Udalak udalekuak antolatu ditu udaran. Eguzkitan blai! eta Kirol Udalekuak programak eskainiko dira, umeek atsegin dituzten aisi ekintza desberdinak garatuko direlarik.

Izen-ematea datorren astelehenetik, apirilaren 25etik, maiatzaren 6ra zabalik egongo da Lekaio kultur etxean modu presentzialean eta online www.urnieta.eus webgunearen bitartez.

Bi eskaintzak ekainaren 27tik uztailaren 29ra burutuko dira eta txanda desberdinak antolatu dira. Bien kasuan ordutegia 10.00etatik 13.00etara izango da, baina Kirol Udalekuetan, astean bi egunetan jardunaldiak ordubete gehiago iraungo du, 9.30etik 13.30era.

Zaintza zerbitzua eskainiko da, udalekuaren ordutegiekin osatu ahal izango dena, 8.30etik 13.30era ordu erdiko frakzioetan.

Eguzkitan Blai! programari dagokionez, 2010 eta 2018 urteen bitartean jaiotako haurrek har dezakete parte. Kirol Udalekuetan, aldiz, 2010 eta 2013 urte arteko gaztetxoek izena eman ahalko dute.

Bestalde, aurtengo uztailean ere Udajolas udaleku irekia antolatu dute, elkarlanean, Noaua! kultur elkarteak eta Usurbilgo Udalak, lau eta hamabi urte arteko haur eta gaztetxoentzat (HH3/LH6). Gehienez, 200 haur eta gaztetxoren-tzako lekua egongo da.

Aurtengo Udajolas uztailaren 4tik 29ra bitartean egingo dute, astelehenetik ostiralera, 9.30 eta 13.30 artean. Laster zabalduko dute izen-ematea: apirilaren 25etik maiatzaren 5era arte, biak barne. Azken urteetan egin bezala, Internet bidez eman beharko da izena, Noauak! horretarako propio sortu duen webgunean. Izena emateko aukera ez ezik, Udajolasen inguruko nondik norako guztiak aurki daitezke bertan.

Horrez gain, Udajolasen lan egiteko poltsa osatzeko deialdia irekita dago dagoeneko, zuzendari eta begiraleak behar dituztelako. Lan poltsan, usurbildarrek izango dute lehentasuna. Epea maiatzaren 5ean itxiko da, eta egun horretarako izen-ematearekin batera curriculuma eta agiriak aurkeztu beharko dira. Agiri horiek elkartea@noaua.eus helbidera bidali edo Noaua! -ren egoitzara eraman daitezke.