- Zubipe eta Landare zelaien eremuan uholdeek maiz sortzen dituzten ondorio larriei irtenbideak bilatzeko helburuarekin, Hernaniko Udalak, CDH Hernanik eta Rugby Elkarteak atzo hitzarmen bat sinatu zuten. Hiru aldeek lehenesten dute instalazioak dauden lekuan gelditzea, baina horiek hobetzea. Horretarako elkarlanean arituko dira eta Udalak bi milioi euro bideratuko ditu.

Honen harira, lehenengo pausoa Zubipe eta Landare eremuetan uholdeen arriskua gutxitzeko egin daitezkeen esku-hartzeen inguruko proiektu bateratua idatzi eta Ura Agentziari bidaltzea izango da. Hernaniko Udalak hori egiteko baliabideak jarriko ditu.

Gainera, esan bezala, Udalak bi milioi euro erreserbatuko ditu bi kirol instalazioak hobetu eta uholdeei aurre egiteko Ura Agentziak baimendutako esku-hartzeak egiteko. Udalak azpimarratu duenez, aurrekontu hori gutxieneko kopurua izango da.

Bestalde, hitzarmenak jasotzen duenez, hiru sinatzaileek egoki ikusten dute, presazko konponketak ez diren kasuetan, egokitzapen proiektuak egiten hasi aurretik Ura Agentziaren erantzuna jaso arte itxarotea.

Amaitzeko, Hernaniko Udalak konpromisoa hartu du, Zubipe eta Landareko eremuei behin betiko konponbide bat emateko eta horiek gauzatu ahal izateko, Udalaz gaindiko erakundeekin beharrezkoak diren harremanak eta hitzarmenak lantzeko.