- Iazko maiatzean jarri zuen martxan Hernaniko Udalak Zero Zabor Hozkailua. Proba pilotua Aratz ikastetxearekin abiatu zen. Handik gutxira batu zen ekimenera Langile ikastetxea. Proba horren emaitza arrakastatsua ikusita, ikasturte honetan ere jarraitzea erabaki zuten bi ikastetxeek. Emaitza ezin hobea izan da. Hondakin organiko gutxiago sortzea eta janaria ez xahutzea da proiektu honen helburu nagusia eta hori lortzen ari dira.

Hernaniko Aratz eta Langile ikastetxeetan urriaren hasieratik otsailaren amaierara bitartean, jangeletan sobratu den janariarekin, Zero Zabor Hozkailuari esker, tona bat elikagai baino gehiago ez da xahutu.

Iazko urriaren 4an berrekin zioten bi ikastetxe horiek egitasmoari. Aurtengo otsailaren 28ra arte jangeletako soberakinak ontziratu dituzte. Esan bezala, guztira, 1.121.762 kilogramo janari ontziratu da (Aratz ikastetxeak 558.934 kg. eta Langilek 562.828 kg.). Hau da, 3.301 ontzi osatu dira eta herritarren eskura jarri dira Txantxillako makinan.

Proiektu honen aurkezpenean, Hernaniko Udalak azpimarratu zuenez, hozkailuaren erabilera publikoa eta doakoa da erabiltzaileentzat. Elikagaiak ontzi konpostagarrietan daude biltegiratuta eta etiketatuta. Herritarrak vending-hozkailura hurbildu, eta nahi duen ontzia hartzea besterik ez du egin behar.

Garrantzitsua da proiektu honen unibertsaltasuna azpimarratzea, hozkailuko elikagaien hartzaileak pertsona guztiak baitira, haien egoera sozioekonomikoa edozein dela ere.

Zero Zabor Hozkailua, Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearen Hozkailu solidarioa eta Residuo Cero Fundazioaren Rexcatering egitasmoak uztartzen dituen proiektua da. Bi egitasmo horiek Galdakaon (Bizkaia) sortu ziren eta egun, Euskal Herriko eta estatuko beste hainbat herritara (Lasarte-Oria, Basauri, Plentzia, EHU-ko ostalaritza eskola, Gasteiz, Donostia, Valentzia, Bartzelona, e.a.) zabaldu da, sekulako arrakasta eta emaitza oso onak lortuz.

Proiektu hau egikaritzen lagun-tzeko Hernaniko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020ko Ekonomia Zirkularra bultzatzeko diru-laguntza eskuratu zuen.