- Hitzaldien udaberriko zikloari hasiera emango zaio Biteri kultur etxean. Guztira hiru solasaldi antolatu dira eta guztiak 19.00etan hasiko dira. Antolatzaileek esan dutenez, hitzaldiak Biteri barruan izango direnez, musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da.

Lehenengo hitzaldia Luis Mari Zalduaren eskutik etorriko da, Euskararen nondik norakoari buruzko ustekizunez izenburupean. Zaldua Euskal Filologian doktorea eta euskaltzain urgazlea da.

Saioak bi atal izango ditu. Aurrenekoan, XVI. gizalditik hona euskararen nondik norakoaz plazaratu diren iritzi garrantzitsuenak berrikusiko dira (Garibai, Oihenart, Mitxelena, Gorrotxategi, Velaza...). Bigarrenean, labur-labur, Gipuzkoako onomastikaren argitan gai horren inguruan ateratako zenbait ondorio azalduko ditu.

Gainera, martxoaren 15ean José Luis Orellak, Historian doktoreak eta San Pablo CEUko irakasleak, Cuatro reinas navarras hitzaldia eskainiko du. Catalina de Foix (1468-1517), Margarita de Navarra (1492-1549), Juana de Albret (1528-1572) eta Margarita de Valois (1553-1615) izango dira protagonistak. Azalpenak gazteleraz emango dira.

Azkenik, martxoaren 17an, Pako Sudupe idazleak Espainol ez izateko arrazoiak eta sentimenduak gaur hausnartuko du.

Hernani Errotzenek hitzaldi ziklo hau antolatzeko Nabarralderen, Orona Fundazioaren eta Hernaniko Udalaren laguntza izan du.